Itzuli

Nafarroako ubidearen bigarren fasean Erriberara kalitatezko ura eramateko aukeratu den alternatibarekin ados agertu da Geroa Baik

Koalizioak gogorarazi duenez konponbide hau gaur bideragarria bada aurreko Nafarroako Gobernuak egindako lanari esker izan da

    Atzo CANASAko Administraritza Batzordeak onartutako erabakiarekin ados agertu da Geroa Bai, Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasearen proiekturako alternatiben artean lurperatutako bi hodien eraikuntza aukeratu baitzuen.

    Koalizioaren arabera, “Nafarroako Ubidearen inguruan sortu den iskanbilaren eta erabilera politikoaren aurrean, egia dena da UPNk Nafarroan eta PPk Estatuan edukitako gobernuek urte luzez lanak geldiarazi ondoren azpiegitura honetan ordena jarri zuena Barkosen Gobernua izan zela”. “Proiektua zuzendu eta bideratu zuen ahalik eta berme tekniko, juridiko eta ekonomiko handienarekin egin ahal izateko, interes orokorrari erantzunez gainera”, gogorarazi du Geroa Baik. “Pasa den legegintzaldian alternatiben estudio bat egin zen eta lurperatutako hodi bat eraikitzearen alde egin zen ubide ireki baten aurrean, finantzarioki jasangarriena zen irtenbidea baitzen”.

    “Pasa den legegintzaldian Nafarroako Gobernuak egindako lanari esker orain lurrazpiko konponbideari ekitea ahalbidetu da, Nafarroako Erriberara ureztatzeko ura eta kalitatezko edateko ura eramateko askoz ere errentagarriagoa, logikoagoa eta errealistagoa dena alegia”, azpimarratu du koalizioak.

    Azpiegitura honen inguruan dagoen gehiegizko demagogia gaitzetsi du Geroa Baik, eta gogorarazi duenez “bere garaian konponbide honen egokitasuna zalantzan jarri zuenik egon zen, Javier Esparza adibidez, ‘ubidetxo’ bat zela esanez, motibazio elektoralista hutsengatik eta irizpide logiko eta arrazionalei jaramonik egin gabe”. Halaber, “Espainiako Gobernu ezberdinen konpromiso faltak obra honek aurrera egitea atzeratu izana” deitoratu du ere.

    Azkenik, Geroa Bairen aburuz CANASAk hartutako erabaki hau (%60 Estatuak kudeaturik eta %40 Nafarroak) “Erriberan kalitatezko edateko ur eta ureztatzeko ur eskaerari, ahalik eta preziorik txikienean erantzuna emateko eskuragarri dagoen ur guztia eraman ahal izateko helburua lortzeko pausu erabakigarria da”.


     

    Izena eman gure buletina jasotzeko