Nafarroako udalek aurreikusitako proiektuak burutu ahal izateko epeak luza daitezen eskatu du Geroa Baik
Toki erakundeak Nafarroaren berraktibatze ekonomiko eta sozialerako gako izango direla azpimarratu du koalizioak

Nafarroako udalek, Nafarroako Gobernuko dirulaguntzekin 2020 urterako aurreikusten zituzten proiektuak 2021ean burutu ahal izateko epeak luzatzea eskatu du Geroa Baik.
Pablo Azcona Geroa Baiko foru parlamentariak azpimarratu duenez “azken hilabeteotan, Nafarroako Udal eta toki erakundeak COVID-19aren krisialdi soziosanitarioari heldu behar izan diote, osasungintza autoritateen aginduetara jarriz, haien zerbitzuak egokituz eta neurri ekonomikoak ezarriz”.
“Beste fase batean gaude jada, etorkizuna planifikatzearena. Udalak eta toki erakundeak Nafarroaren berraktibatze ekonomiko eta sozialerako gako izango direnaren uste osoa dugu eta, horregatik, ahalik eta ziurtasun handienak eman behar dizkiegu”, ziurtatu du Azconak.
Geroa Baiko foru parlamentariaren aburuz “beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesio Departamentuak udalen eta toki erakundeen egoeraren gaineko aurreikuspen bat egin dezan, epe administratiboen gelditzeak, Foru Exekutiboaren finantziazioarekin aurreikusirik zituzten proiektuak burutzeko gaitasunari eragin baitio”: Azkonaren iritziz “funtsezkoa da 2020 urtean burutu ezin daitezkeen proiektuak 2021ean baimentzea, pasa den legegintzaldian Finantzarioki Jasangarriak ziren Inbertsioekin egin zen moduan”.
“Aurreikuspen hau egitea garrantzitsua da, udal eta toki erakundeek hirugarren sektoreko erakundeei ere diru laguntzak ematen baitizkiete, eta aurten ez dira garaiz iritsiko”, azpimarratu du Azconak. Parlamentariak gainera ziurtatu duenez, “une hauetan hain garrantzitsua den berraktibazio ekonomiko horren zati moduan ulertu beharko genituzke proiektu hauek”.