Itzuli

Nafarroako Zibersegurtasunaren Agentzia sortzeko beharrezko pausoak eman daitezela eskatu du Geroa Baik Parlamentuan

Agentzia hau ziberdelituen argitzean ere funtsezkoa izango dela azpimarratu du María Solana parlamentariak

    María Solana María Solana

    Ziberdelinkuentziarekin harremana duten delituak geroz eta ohikoagoak eta ugariagoak dira; administraritza, enpresa eta herritar soilengan du eragina, mota askotako ondorioekin. Egoera honen aurrean, Geroa Baitik beharrezkotzat jotzen dugu Zibersegurtasunaren Nafarroako Agentzia martxan jartzea, delitu hauek argitzeko tresna erabilgarria izango baita. Nafarroako Parlamentuko hurrengo Osoko Bilkuran María Solana parlamentariak mozio bat defendatuko du, bertan Foru gobernua premiatuz organismo hau sor dezan.

    Proposamenean, Geroa Baik Trantsizio Digitalaren eta Barne departamentuak premiatzen ditu “Zibersegurtasunaren Nafarroako Agentzia lehenabailehen sortzeko beharrezkoak diren pausoak eman ditzaten”, segurtasun digitalaren esparruan gako izango baita.

    Solanak nabarmendu duenez, Nafarroa “Estatuko buruan dago zibersegurtasunaren alorreko aurrerapausoetan”, aldi berean gogoraraziz “Navarra Cybersecurity Center erakundea sortze prozesuan dagoela”. Zentro hau martxan jartzeak 28 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du eta “arazoari aurre egiteko zalantzarik gabe lagunduko duten programa eta proposamenen garapena ahalbidetuko du, eraso eta iruzurrak ekidinez, balizko delituen aurrean prebentzioa landuz”.

    Navarra Cybersecurity Center zentroak “funtsezko zerbitzuak eskainiko ditu, alde batetik autodiagnostiko eta hobekuntza bide pertsonalizatuak burutzeko, horrela enpresei babes hobea eskainiz, eta aldi berean ziberespazioa mehatxu bila monitorizatzeko balioko du ere”. Zentzu honetan María Solanak azpimarratu duenez, zerbitzu hau “onuragarria izango da Administraritzarentzako, enpresentzako eta herritar guztientzako oro har”.

    Bestalde, Geroa Baiko parlamentariak nabarmendu duenez “zentro honen proiektuak TIC segurtasunean zentraturik dauden bi laborategiren sorrera aurreikusten du, edozein enpresetara egokituz, segurtasun industrialaren alorrean ere, hiri guneetan, ospitale guneetan eta ekoizpen kateetan arreta berezia jarriz, besteak beste”.

    ‘Navarra Cybersecurity Center’ zentroak orientazio, formakuntza eta prebentzio alorretan izango duen paperaz gain, premiazkoa da jada egin diren delituen argitzean lan egitea. Horrela, azpimarratu duenez “erantzun eraginkorra eman behar zaie ziberdelinkuentziaren biktima diren, izan diren, edo izango diren milaka enpresei eta herritarrei”.

    Horregatik, parlamentariaren iritziz “Nafarroak bere esku dauden mekanismoak martxan jarri behar ditu” arazo horiek konpontzeko. Konbentziturik dago Zibersegurtasunaren Nafarroako Agentzia bat, “nortasun juridiko propioarekin, sektore publikoari ere arreta emanez eta esparru honetan egindako delituak ikertzeko eta argitzeko Foruzaingoarekin lankidetza estuan arituz,  tresna horietako bat dela”.

    Horregatik, Solanak planteatu duen mozioaren bitartez, Geroa Baik Nafarroako Gobernua premiatzen du agentzia honen sorrerarako Foru Lege Proiektuaren idazketari lehenbailehen ekin diezaion.

    Izena eman gure buletina jasotzeko