Itzuli

Nafarroan EAJ-PNVren egoitzei egindako erasoak aldaketaren aurka egiten dutela ziurtatu du Geroa Baik

Geroa Baik ziurtatu duenez azken asteotan Nafarroako EAJ-PNV-ren aurka egiten ari diren erasoak “ez dira gure koalizioaren aurka bakarrik egiten, aldaketaren aurka ere baizik”. Geroa Baik erabateko gaitzespena agertzen du Altsasun egindako azken erasoaren aurrean, eta bere elkartasuna helarazten dien udalerriko lagunei.

Geroa Bairen aburuz, “jada gaindituta zeudela uste genuen garaietara itzularazten gaituzten ekintza totalitarioak jasaten ari ditugu azken asteotan”. “Jazartzea eta beldurraraztea beste helbururik ez duten jarduteko modu hauek onartezinak eta antidemokratikoak dira”, azpimarratu du koalizioak.

Geroa Baik ziurtatu duenez “kritika politikoa beti da positiboa, baina ez mehatxu eta eraso koldarren bidez egiten denean”. “Tamalgarria da, bizikidetzaren bidean legegintzaldi honetan aurrerapausoak eman arren, gizartearen zati bat oraindik ere Nafarroako gizartearen gehiengoak eskatzen duen bide horri heltzeko eragozpenak edukitzea”.

Azkenik, koalizioak deialdia egin die gainontzeko formakuntza politikoei, “gizarte osoarekin ardura baitugu”. “Jarrera onartezin hauen aurrean, politikatik eman beharreko erantzuna elkarrizketaren, errespetuaren eta demokraziaren aldeko apustua izan behar da”, amaitu du Geroa Baik.

Izena eman gure buletina jasotzeko