Nafarroan prestazio handiko trenbide sarearen garapena legegintzaldi honetan egiteko Puente ministroaren konpromisoa lortu du Barkosek
“Errepide bidez egiten den merkantzia garraioaren portzentaia murrizteko” Geroa Bairen apustua helarazi dio foru senatariak ministroari
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Óscar Puente Garraio eta Mugikortasun jasangarrirako ministroaren konpromisoa lortu du Nafarroan prestazio handiko trenbide sarearen garapena legegintzaldi honetan eginteko.
Goi Ganberan Gobernuari kontrol saioaren baitan, Barkosek “zalantza guztia argitu ditzan” eskatu dio ministroari, “berak emandako erantzun baten aurrean Nafarroan sortutako kezkaren ondoren, izan ere hemen bertan, Senatuan, pasa den martxoaren 19ko kontrol saioan ziurtatu zuen bere iritziz lehentasuna zuten hiru lurralde zeudela: Kantabria, Extremadura eta Euskadi; hiru lurralde horietara, egun hartan gaineratu zuenez, iritsi beharko da abiadura handia lehenbailehen”.
Zentzu honetan, Barkosek modu positiboan baloratu du Puentek emandako erantzuna, era berean gogoraraziz “alor honetan egindako konpromiso politikoak ez direla beti zeinu ezberdineko Gobernuen finantzaketarekin lagundu”.
Era berean foru senatariak azpimarratu duenez, ministroak berak pasa den urtarrilean bere Ministerioaren ildo nagusiak azaltzeko Kongresuan egindako agerraldian adierazitako “konpromiso eta proposamen ugari” elkar banatzen ditu, hala nola “ez ohiko Europako funtsak aprobetxatzeko beharra «mugikortasun sano, jasangarri eta seguru baterantz» lan egiteko, bai eta trenbideen alorrean «merkantzien garraioari bultzada emateko», eta hori guztia interes alderdikoiak alde batera utziz gainera.
Horrela, Barkosek ministroari gogorarazi dio konpromiso hauek “zuk hemen Senatuan ezarritako lehentasunak sendotzen dituztela, noski, baina argudio berberekin eta lehentasun hauen inguruan zalantzarik eduki gabe, Nafarroa falta da”.
“Izan ere, «mugikortasun sano, jasangarri eta seguru baterantz trantsizioan» Kantauri-Mediterraneo ardatza egituratzea lehentasuna da, eta ardatz horretan Nafarroa sartzea eztabaidaezina da”, ziurtatu du Barkosek, haren arabera gainera “merkantzien trenbide bitarteko garraioari bultzada funtsezkoa” delarik “errepide bidez egiten den merkantzia garraioaren portzentaia murrizteko, eta bertan Nafarroa lotune estrategikoa da automobil eta nekazaritzako elikagaien industrian duen tokia jakinez”.
Geroa Baiko senatariak halaber defendatu duenez, “Europako trenbide-zabalerara trantsizioan eta prestazio handiko trenbidea Europa kontinentalarekin lotzeko, logikak eta arrazionaltasunak, eta ez interes alderdikoiak, Nafarroara begiratzen dute”.
Bestalde, Barkosek adierazi duenez “konpondu beharreko gai garrantzitsuak daude, hala nola Nafarroa Euskal Y-rekin lotzea”. “Bi aukeretatik, Gasteiz eta Ezkio, azken honetan bi gai daude argitzeko, gaur egun azterlanean daudenak: bideragarritasun teknikoa eta baita ere nahitaezkoa den ingurumen-bideragarritasuna”, ziurtatu du foru senatariak, aldi berean azpimarratuz “badakiguna zera dela, Ezkiok Europara irteteko trafiko ahalmen handiagoa bermatzen duela, nahiz eta badakigun ere azpiegituraren kilometroko prezioa Ezkiotik garestiagoa dela”.
“Baina horretan ere baikorra naiz, zuk gaur zuzentzen duzun ministerioak horri arrazionaltasunez erantzuten jakin izan baitu aurrekoetan”, esan dio Barkosek ironiaz Garraio ministro eta Valladolideko alkate ohiari gogoraraziz “mende honetako lehen hamarkadan, trenbide kilometroaren bataz besteko kostua 18 milioi eurokoa zenean, 24,5 milioi eurora igo ziren zatiak egon zirela, hala nola Madrid/Valladolid AVE trenbidearena: datu bat, kostuarena, ez zen inondik inora erabakigarria izan kasu honetan”.
Uxue Barkos