Nafarroaren Eguna eta Euskararen Eguna dela eta Geroa Bairen adierazpen instituzionala
Abenduaren 3an Nafarroaren Eguna eta Euskararen Eguna ospatzen diren honetan, Nafarroako gizartearen aniztasuna gure sendotasun handienetako moduan aitortu nahi dugu beste behin ere Geroa Baitik, bai eta gure nortasuna sentitzeko eta bizitzeko modu ezberdinei gure begirunea agertu ere. Halaber, Nafarroa integratzaile, oparoago, berritzaileago, anitz eta solidario baten aldeko gure konpromiso sendoa modu publikoan berretsi nahi dugu, etorkizuneko belaunaldientzako Nafarroa hobea lortzeko konpromisoa alegia.
Zentzu honetan, gure foru erregimenak gure ondasun politiko nagusiena ordezkatzeaz gain, kohesiorako garrantzitsuenetakoa den elementua da ere. Arduraz jarduten bada, nafarron bizitza hobetzeko aukera handiak ematen dituen tresna da.
Horregatik, gure autogobernuan sakontzen jarraitzea beharrezkoa da. Foruaren Hobekuntzan aitorturik ditugun eskumenen transferentzia Estatuaren aldetik gauzatzeko beharrezkoak diren akordioak ausardiaz eta tinkotasunez bultzatu ditugu azken urteotan Geroa Baitik, urte luzez transferentzia horiek paralisian egon ondoren. Hala ere, Foruaren Hobekuntzak 40 urte baino gehiago bete ditu eta heldu beharreko funtsezko eskumenen transferentzia asko dago oraindik egin gabe. Honi gaineratuz, azken urte hauetan zehar Estatuko oinarrizko legediak eta Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen eztabaidagarriek gure eskumen-korpusa higatu dute.
Horregatik guztiagatik, abenduaren 3 honetan gure Amejoramendua XXI mendeko errealitate sozialera eta egungo nafar herritarren sentitzeko modura egokitzeko gure konpromisoa berresten dugu, horretarako kalitate demokratiko sakonagoa aldarrikatuz. Horregatik, Nafarroak aitorturik dituen eskumenen transferentzia burutugabeak Estatuaren aldetik jasotzeko Foru Gobernuak egin beharreko negoziazioa bultzatzeko eta horren jarraipena eta ikuskapena egiteko Geroa Baik erakunde guztietatik lanean jarraituko du, egin gabe dauden transferentzia guztiak burutuz. Nabarmendu beharra dago garrantzia handiko eskumenen transferentzia egin gabe dagoela oraindik, horien artean I+G+b, bekak, Foruzaingoaren garapen integrala naturaren zaintza edo espetxeen kudeaketa bere gain hartuz, edo Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoa.
Zentzu honetan berean, Foruaren Hobekuntzaren eguneratzearen azterlana egiteko parlamentuko ponentzia bat martxan jarri izanaren garrantzia azpimarratu nahi du Geroa Baik, hura izan baitzen forutasunaren aitorpen partziala ekarri zuen legea. 41 urteren ondoren, forutasunaren berreskurapen osoaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu Geroa Baitik, Estatuarekin benetako aldebikotasun harremanean oinarrituz. Nafarroan, Nafarroarentzako eta Nafarroatik itun politiko berri eta integratzaileago eraikitzeko unea da, gure lege ordenamendua adostasunetik eta herritarren babesarekin eguneratuko duena.
Halaber, abenduak 3 Euskararen Eguna ere den honetan adostasuna aldarrikatzen dugu. Nafarroak akordio politiko zabala behar du, gure hizkuntza konfrontazio alderdikoitik aterako duena eta bere balio soziala berreskuratzen jarraitzeko lagunduko duten neurrietan aurrera egitea ahalbidetuko duena ere. Baina horretarako nahitaezkoa da eztabaida alderdikoitik behingoz urruntzea. Geroa Bairen iritziz legegintzaldi honetan oinarrizko adostasunetatik aurrera egiteko aukera dago eta hala egin beharra dago, zorroztasunez. XXI mendeko gizartea eleanitza da eta hizkuntza propioek gainbalioa eskaintzen duten mundu global honetan.