Itzuli

Osasun langileei triaje erabakietan babesa emango dieten irizpide etikoak markatzeko helburuarekin Senatuak Gobernua premiatzea lortu du Koldo Martínezek

Geroa Baiko senatariak Osasun Batzordearen babesa lortu du prozesu judizialen aurrean Estatuak profesionalak babes ditzan

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Pandemian osasun arretarako irizpide etiko batzuk marka ditzan premiatzea onartu du gaur Senatuak, profesionalen erabakiek babesa eduki dezaten eta balizko prozedimendu judizialen eskutan gera ez daitezen.

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoaren ekimenez, legez besteko proposamen bat onartu du Goi Ganberak, Vox eta PPren abstentzioarekin eta gainontzeko taldeen aldeko botoarekin, Gobernu zentrala premiatuz “maila guztietan eman beharreko osasun arreta burutzeko modua defendatzeko printzipio eta baloreak modu publikoan adierazi eta azal ditzan eta osasungintzako profesionalek erabaki klinikoak hartzeko modua ontzat ematen duen adierazi dezan ere”.

    “Pandemiarekin bizitzen ari dugun bezalako muturreko egoeretan arreta lehenesteko beharrak, osasun profesionalek pertsonen bizitzengan eragina duten erabaki tragikoak hartzea eskatzen du eta horrek entrega profesionaletik haratago dagoen larritasun moral bat eragiten du. Horregatik, beharrezkoa da Gobernuak aurrera pauso bat ematea eta profesionalek hartzen dituzten erabakiek bere babesa dutela ziurtatuko duten irizpide batzuk ezartzea, erabaki horiek prozesu judizialen menpe egon ez daitezen”, azpimarratu du Koldo Martínezek, legez besteko proposamenaren sustatzaileak alegia.

    “Mota honetako erabaki tragikoak, hots nori eman arnasgailu bat, nor sartu ZIUa ohe librerik ez dagoenean eta abar, egunero hartzen dira gure ospitaleetan. Lasaitasunez, denborarekin, ziurgabetasun apur batekin beti eta sosegu moral pixka batekin. Pandemia garaietan urduritasunez, denborarik gabe eta ziurgabetasun askoz ere handiagoarekin hartu dira erabakiak, eta osasun profesionalek bakardadean hartu dituzte, konpetentziadun agintarien babesik gabe eta haien karrera arriskuan jarriz edo kereilei aurre eginez. Horregatik da beharrezkoa irizpide batzuk eta babesa edukitzea, bakarrik gera ez daitezen”, nabarmendu du intentsibista lanetan hogeita hamar urte baino gehiago jardun duen Geroa Baiko senatariak.

    “Horregatik eskatu diogu Gobernuari profesional horiei bere babesa publikoki ager diezaien, pandemia egoera honetan, ahal den borondate eta entrega hoberenarekin, osasun baliabideen egokitzapenerako erabakiak hartzen ari baitituzte. Azpimarratu du Koldo Martínezek. Zentzu honetan, Nafarroako senatari autonomikoak gogorarazi duenez, pandemia betean geundelarik, mota honetako egoeren aurrean hartutako erabaki bakoitzean osasungintzako profesional bakoitzaren aldeko jarrera hartuko zuela iragarri zuen Ipar Amerikako estatu batek. “Hemen ere egin daitekeela eta egin beharra dagoela uste dut”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko