Itzuli

Ostalaritzari laguntza zuzenak emateko Atarrabia-Geroa Bairen proposamena errealitate da jada

Udalak deialdia ireki du ostalaritza sektoreak 2.000 euroko laguntzak eskuratu ahal izateko

    Atarrabia-Geroa Baik proposamen bat planteatu zuen pasa den urtarrileko Osoko Bilkuran, udalerriko ostalaritza establezimendu guztientzako 2.000 euroko laguntza zuzenak ematea eskatuz, Covidaren pandemiak eragindako itxiera ezberdinen ondorioz sektoreak pairatzen ari zuen diru-sarreren gainbehera garrantzitsua zela eta.

     

    “Ostalaritza sektorea -gogorarazi du koalizioak- pandemiaren eragina eta bertatik eratorri den krisialdi sozial eta ekonomikoaren eragina gehien sufritu duen sektoreetako bat izan da, horregatik proposatu genituen 2.000 euroko laguntza linealak, Atarrabiako ostalaritzak, elkartasun hitzetatik gain, udalaren babesa modu zuzenean nabaritu zezan, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea baita. Ostalaritzak, tokiko merkataritzak egiten duen modu berean, herria eraikitzeko laguntza garrantzitsua ematen du, bizitza soziala kohesionatzeko”.

     

    Atarrabia-Geroa Baik gogorarazi duenez, planteatutako laguntzak Gobernuak bi deialde ezberdinen bitartez ireki dituenen osagarriak dira: abendukoa, 20 milioi eurokoa; eta martxokoa, 18,5 milioikoa.

     

    “Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak garrantzitsuak izan dira, baina gure ustez -azpimarratu du udal taldeak- Udaletik ere laguntza ekonomikoa eman beharra genuen, are gehiago Aurrekontuen Egonkortasunerako eta Finantzen Jasangarritasunerako Legearen arauak malgutzea baimendu den une honetan, horrela diru-kutxa soberakinaren erabilera ahalbidetuz pandemiaren eraginari aurre egiteko”.

     

    Koalizioak gogorarazi duenez, bere proposamenak 80.000 euroko aurrekontu muga ezarri zuen, udalerriko establezimendu guztiei laguntza emateko nahikoa den kopurua, horregatik horiei guztiei deia luzatu die aukera hau gal ez dezaten, eskaeren epea pasa den apirilaren 13an hasi baitzen eta datorren maiatzaren 12an bukatuko baita.

    Izena eman gure buletina jasotzeko