Itzuli

Pablo Azcona: “Ez UPNk ez beste inork ezin du 2015 baino lehengo moduan politikan pentsatzen jarraitu. Geroa Baik Nafarroako politikari buelta eman zion”

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, Cintruenigoko gizon bat hil den lan istripua deitoratu du eta hildakoaren senitarteko eta lagunei bere babesa eta elkartasuna helarazi nahi izan die. 

    Bestalde, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia Gobernu zentralari eskatzen defendatu du Azconak eta horretarako Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko den mozioa aurkeztu dutela gogorarazi du. “Aproposa da uneotan”, azaldu du. 

    Azpimarratu duenez, programa akordioak aipatzen dituen eskumenez gain, “Nafarroako Gobernua eratzeko lortu genuen akordioak berak jasotzen du Amejoramenduan ezartzen diren eskumenen garapen osoan aurrera egiteko beharra eta hemendik, Nafarroako Parlamentutik aldarrikapen hau egitea oso aproposa dela deritzogu”. 

    A25eko deialdietan egondako partaidetza arrakasta aipatu du ere Geroa Baiko bozeramaileak, eta emakumeenganako indarkeria mota ororen aurka Geroa Baik duen konpromisoa berretsi du beste behin ere. 

    Azkenik Azcona UPNri zuzendu zaio eta “hitzetatik egitateetara pasatzea” eskatu die. “UPNk alderdi moderatu bihurtu nahi duela dioela dirudi, baina egitateek frogatzen dute duela aste gutxi Espainiako eskuinarekin eta eskuin muturrarekin lerrokatzen zela Feijóoren inbestidura aurrera ateratzeko, eskuin zaharkituenari eta Vox-enultraeskuinari bere babesa emanez”, kritikatu du. 

    Geroa Baik “gehiengo aurrerakoi eta pluralen gobernuen alde” egingo duela azpimarratu du Azconak, “jarrera horretan egon gara beti eta bertan egongo gara beti”. “Gure gizartearen zati baten bazterketan ez gara egongo. UPNk hori ulertzen badu, aurrerapausoa izango da eta 2015ean -Uxue Barkosen Gobernuarekin- hasitako aldaketaren ondorio bat ere”, defendatu du. 

    Foru parlamentariak ziurtatu duenez, “ongi legoke UPNkgaztatxoen Nafarroari begiratzeari utziko balio eta egungo politikagintza Nafarroan herritarren ongizatean eta gizarte zuzenago, parekideago eta bere aniztasunarekin harroago dagoen Nafarroa baten lorpenean oinarritzen dela ulertuko balu”. “Hori da politikagintzan egin behar dugun bidea. UPNk oraingoan ulertu badu, ongietorria izango da”, esan du, aldi berean Geroa Baik gobernu “aurrerakoi eta anitzen” alde egiten duen apustua berretsiz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko