Presoen buruko osasuna hobetzeko Koldo Martínezen proposamen bat onartu du Senatuak
Koldo Martínez (Geroa Bai) senatari autonomikoaren proposamen bat onartu du Senatuak gaur eguerdian, Gobernu zentrala premiatuz buruko nahasmendua duten presoak artatzen dituzten psikologo plantilla handitu dezan.
Preso dauden herritarrak artatzeko psikologia eta psikiatria profesionalen eskasia salatu du Koldo Martínezek (Geroa Bai). Martínezek baliabide gehiago eskatu ditu senatuan eta Espainian 250 presoko espezialista bat dagoela gogorarazi du, hiru presotik batek buruko nahasmendua duela onartzen den arren eta presondegi baten batetan psikologo bakar batek 1.200 presoei arreta eman diela aitortu arren.
Geroa Baiko senatariak berriki jakin den John McAfee, antibirus informatikoaren sortzaile ospetsuaren suizidioaren berria gogorarazi du. “Oso mediatikoa izan da, baina Estatuan 2019 urtean zehar 42 presok bere buruaz beste egin zutela da errealitatea eta 2020 urtean 110ek gutxienez saiatu zutenaren ziurtasuna dugu”, azpimarratu du Koldo Martínezek, aldi berean ziurtatuz buruko osasuna espetxe osasungintza arretaren koxka nagusienetakoa dela.
Koldo Martínez pozik agertu da berriki espetxeetako osasungintza konpetentzia Nafarroari eman izanarekin eta Foru Komunitateko presoei ematen zaien arreta hobetzea ahalbidetuko duela ziurtatu du, bai eta gogorarazi pandemiak agerian utzi duela isolamenduak buruko osasunean eragiten dituen ondorioak, askatasunik ez duten pertsonek pairatzen duten egoera agerikoagoa eginez.
Justizia lehengoratzailearen defentsa
Senatuko gaurko Barne Batzordean askatasuna kentzen duten zigorren alorrean justizia lehengoratzaileko praktikak ezartzeko PSOEren proposamena eztabaidatu da ere. Koldo Martínez ekimen sozialistaren alde agertu da eta ETAko biktimen eta talde armatuko biktimarioen arteko topaketa lehengoratzaileak gogorarazi ditu, bereziki Nanclares bide deiturikoan egin zutenak. “Preso hauek ezker abertzalearen aldetik erabateko arbuio eta gaitzespena jasan zuten eta, hala ere, biktimekin topaketa lehengoratzaileetan parte hartu zuten, hala nola Maixabel Lasa edo Iñaki García Arrizabalagarekin, eta keinu horrengatik eta egiten ari duten guztiagatik txalotuak izatea merezi dute”. “Nanclares bideko pertsonarik gabe, ez dut zalantzarik gaur egun ez genukeela bizitzen ari dugun moduko bake eta bizikidetza maila eta indarkeria terrorista gabeziarik edukiko”, nabarmendu du Koldo Martínezek.
Gomazko pilotak kentzearen alde
Goi Ganberako Barne Batzordearen saio berean, Geroa Baiko senatariak Junts per Catalunyaren eskakizun bati bere babesa agertu dio, Poliziak eta Guardia Zibilak gomazko balak erabiltzeari utz diezaioten. Koldo Martínezek gogorarazi duenez, Uxue Barkos lehendakari izan zen legegintzaldian erabaki zen Foruzaingoak gomazko balak erabiltzeari utziko ziola, bai eta une hauetan Ertzaintza edo Mossos d’Esquadra bezalako kidegoek ez dutela armamentu hau erabiltzen, Austria, Danimarka, Finlandia, Norvegia, Suedia, Errumania edo Alemaniako lander gehienetako polizien antzera.