Itzuli

PSOEk kalamu klubak arautzeko legea eztabaidatzeari uko egin izana deitoratu du Koldo Martínezek

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    PSOEren botoek, PPko botoekin batera, Senatuak kalamu kluben funtzionamendua arautzeko lege proposamena aintzat hartzea galarazi dute. Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak deitoratu du Geroa Bairen proposamena aintzat ez hartzeko PSOEk PPrekin bat egin izana, eta argitu duenez proposamenak ez du kontsumoaren erabateko legalizazioa planteatzen, baizik eta Estatuan dauden 1.700 kalamu klubetako kide diren milioi erdi pertsonari lege marko bat eman, gaur egun zailtasun handiak baitituzte modu arduratsuan kontsumitu ahal izateko.

    Koldo Martínezek azpimarratu duenez, “kalamuaren kontsumoak gaur egun arazo handiei aurre egin behar die, osasun kontrol eza eta aizuntzea direla eta. Pertsona helduen artean eta pribatutasunean kalamuaren kontsumoa arautzeko lege proposamen bat etorkizunean eztabaidatzea aintzat hartzea zen gaurko gaia, kontsumoa modu ordenatuan egin ahal izateko eta mafiak kontu honetan jaun eta jabe izatea ekiditeko. Galdutako aukera da honakoa eta oso toki txarrean uzten ditu herri partaidetzarako deiak, ia 350.000 sinaduraren babesa jaso duen proposamen bat modu honetan amaitu baita, eztabaidatu gabe ere”.

    Koldo Martínezen iritziz, “PSOEk inmobilismoa nahiago izan du berandu baino lehen ezarriko den errealitate berri bati egokitu baino”.

    Ramón Morcillo nafarrak, Koldo Martínezek orain Senatura helarazi duen herri ekimenaren proposatzaileen ordezkari moduan nabarmendu duenez, “PSOEk bizkarra eman dio gizarteari. Ez gentozen hona kalamuaren kontsumoa legalizatzera, egoera bat normalizatzera baizik, kalamu klubena alegia, gai hau mafien eskutan egotea ekiditeko”. Kalamu kluben ordezkari nafarrak iragarri du ez dutela amore emango eta “lege proposamenak Kongresura eta Senatura eramaten jarraituko dugula, epaileek eta Estatu Kontseiluak eskatzen diguten moduan, horiek direlako herri borondatearen egoitza eta bertan eduki behar duelako ohiartzuna inguratzen dituen errealitate sozialak”.

    Era berean Ramón Morcillok kritikatu du Alderdi Sozialistak Nafarroako Parlamentuan onartutako eta ezaugarri berdintsuko lege baten alde bozkatu bazuen ere, Goi Ganberan eztabaidatzeari uko egin diola.

    Izena eman gure buletina jasotzeko