Itzuli

Sakanan eta Larraunen 680.000 euro baino gehiagoko inbertsioak bultzatu ditu Geroa Baik

    Geroa Baik Sakanan eta Larraunen proiektuak eta hobekuntzak egitera bideraturiko inbertsio ezberdinak bultzatu ditu 2023 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, lurraldea egituratzeko eta Nafarroako herritarren beharrizanei erantzuna emateko koalizioaren apustua finkatuz, herritar hauen bizilekua edozein izanik ere.

    Zehazki, Geroa Baik 253.590 euroko inbertsioa bultzatu du Altsasuko futbol zelaiko belardia eta argiztapena berritzeko. Halaber, 146.410 euroko partida bat sustatu du tenis zelai bat eraikitzeko.

    Lekunberrin, industrialde jasangarri baten garapena planteatzen duen Lekunberri ON proiektuaren baitan, bere ezarpenaren bigarren urtea den honetan Geroa Baik 145.000 euroko inbertsioak sustatu ditu, horiekin Lekunberriko garapen ekonomiko eta soziala mesedetuko direlarik eraginkortasun energetikoari eta jasangarritasunari dagokienez. Zehazki, 95.000 euroko zuzenketa bat bultzatu dute tokiko industria sarearen trantsizio energetikoa sustatzeko, eta 50.000 euroko laguntza bat ere industrialdean energia instalazioentzako.

    Bestalde, EH Bildurekin batera aurkeztutako 100.000 euroko zuzenketa bati esker Aralarko Done Mikel Ostatua eta Aterpea zaharberritzeko proiektuaren aurreko azterlana burutuko da.

    Gainera, PSN, EH Bildu eta Podemosekin batera aurkeztutako 36.000 euroko zuzenketa baten bitartez Biak Bat elkartearekin hitzarmen bat bultzatuko da Sakana aldean buruko nahasmendu larria duten edo gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntza eskaintzeko.

    Uneotan, Sakana eskualdeak ez du buruko gaixotasuna duten edo gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako zerbitzu okupazionalik. Gabezia hau dela eta, baliabide hori behar dutenak Iruñera joan beharra dute. Biak Bat elkarteak animaliekin lagundutako interbentzio eredu bat eskaintzen du, horrek beste esparru batzuetan bere eraginkortasuna frogatua duelarik jada, hortaz  hurbiltasunezko landa ingurune batean jarduera okupazional berri baten pilotu proiektua izango da hau.

    Zuzenketa hauekin, Geroa Baik 2019an ekin zion munizipalismoaren aldeko lanari jarraipena ematen zaio, eta Nafarroako aurrekontuetan parte hartzeko beste modu bat badagoela frogatzen da ere.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko