Soldata desberdintasunak leheneratzea eta enpresetan langileen partaidetza sustatzea ikertuko ditu Senatuak Koldo Martínezek proposaturik
Espainia da gehien eta gutxien irabazten dutenen arteko alderik handiena duen Europako herrialdea
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak ponentzia bat proposatu du gaur Goi Ganberan, aditu eta eragile sozialen laguntzarekin, goi zuzendari eta langileen artean dagoen soldata arrakala analizatu dadin, Europar Batasuneko handiena baita Espainiakoa. Enpresetan langileen partaidetza sustatzeko neurriak ikertu beharko ditu ponentziak ere.
Espainia Europako eredutik aldentzen da
Geroa Baiko senatariak ziurtatu duenez, Espainian errentaren banaketa AEBkora geroz eta gehiago hurbiltzen ari da, desberdintasun maila handiagoarekin, eta Europako eredu askoz ere parekideagotik urruntzen ari da. Gogorarazi duenez, “gaur Espainian enplegua edukitzea ez da bizi proiektu bat garatu ahal izateko bermea”.
“Horregatik proposatu dugu Senatuko Afera Ekonomikoen Batzordearen baitan ponentzia bat sortzea, aditu eta eragile sozial eta ekonomikoen laguntzarekin, bake soziala mehatxatzen duten soldata ezberdintasun hauek leheneratzeko moduan definitzeko”, azpimarratu du Nafarroako senatari autonomikoak.
Koldo Martínez baikor agertu da gai hau ikertzeko batzorde honen sorrerarekin. “Martxoaren 24an kotizatutako sozietateen lege berria eztabaidatu genuenean, Geroa Baik gai hau planteatu zuen, enpresetan langileen partaidetza sustatzeko beharrarekin batera, eta hainbat taldek proposamenari oniritzia eman zioten. Horregatik, soldata ezberdintasun hauek leheneratzeko egin daitekeena lasaitasunez eta zorroztasunez analizatzeko eta enpresen erabaki garrantzitsuetan alde sozialaren partaidetzarako formulak mesedetzeko, ponentzia hau gehiengo zabalarekin aurrera atera daitekeela uste dugu.
Langileen partaidetza handiagoa
Geroa Baik aurkeztutako mozioan, eskumena duten administraritzek enpresetan langileen partaidetza sustatu dezaten eskatzen da ere. “Alde sozialari jada ahotsa ematen dieten sozietateek emaitza hobeak lortzen dituzte. Langileengan eragina duen erabakietan haien inplikazio handiagoak enpresaren produktibitatea areagotzen du eta pertsonak aberasten ditu ere”, arrazoitu du Koldo Martínezek, aldi berean gogoraraziz badaudela jada enpresa kontzeptu berri batean lanean diharduten patrolanak, kapitala ematen dutenen eta lana ematen dutenen artean ardurak, esfortzuak eta emaitzak ere banatuz horietan.