Itzuli

Tortura salaketen inguruan GEEA-k Espainiaren aurka emandako epaia “arinkeria” denik iritzi duen galdetu dio Koldo Martínezek Marlaskari

“Onartzen duen egia bakarra judiziala zela adierazi zuen ministroak eta, hortaz, Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena betetzen ez duela onartu beharko du”

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak galdera bat erregistratu du Goi Ganberan, Iñigo González Etayo nafarraren tortura salaketak ez ikertzeagatik Espainiako Erresuma kondenatu berri duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) ebazpenaren inguruan Sánchezen Gobernuaren jarrera zein den ezagutzeko.

    Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak pasa den martxoan Goi Ganberako osoko bilkuran, Geroa Baiko senatariak berak torturei buruz egindako ahozko galderari emandako erantzuna gogorarazi du Koldo Martínezek. “Ministroak, 1978az geroztik Espainian torturarik ez dagoela esan ondoren, ‘Zuzenbidezko Estatu batean oso serioa den gaia da hau horri buruz arinkeriaz hitz egiteko’, erantzun zidan. Ez dakit oraingoan ere arinkeria deritzon Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia hiru bider kondenatzen duen epaia, Ekinen aurkako operazioan atxiloturiko hiru salaketari erantzuna emanez alegia, eta Marlaskak berak 2011an zuzendutako operazioa izanik hura, Auzitegi Nazionaleko 3. epaitegiko titularra zenean”.

    “Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren aginduz buruturiko torturei buruzko txostenari erantzunez Grande-Marlaskak ziurtatu zuenez, egia bakarra judiziala da. Eta horrela bada, ministroak egia onartu beharko du, Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena betetzen ez duela alegia, GEEAk behin eta berriro esan duena. Non dago, hortaz, Barne ministroak berak pasa den martxoaren 3an Parlamentuan nire galderari erantzunez inolako zalantzarik gabe bermatu zuen Gobernuaren, Estatuko Indar eta Kidegoen, fiskalen eta epaileen aldetik torturak ikertzeko konpromisoa?”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

    “Zein da egia, Gobernuaren arabera, egia judiziala, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak behin eta berriro adierazitakoa, zazpi alditan Espainia kondenatu duen bera tortura salaketak ikertu ez izanagatik, edo ministroak berak pasa den martxoaren 3an adierazi zuena, Espainian 1978az geroztik torturatzen ez zela esanez?” azpimarratzen du senatari autonomikoak Goi Ganberan erregistratutako galderan.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez Grande-Marlaska izan zen Ekinen aurka Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren operazio bateratua zuzendu zuena. “Epaile baten betekizunetako bat, bere instrukzio baten ondorioz atxilotutakoen segurtasuna bermatzea da, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren hiru epaiek, torturak salatu zituzten eta kasurik egin ez zitzaien hiru atxilotuei arrazoia emanez, ez dute egungo ministroa oso leku onean uzten”.


     

    Izena eman gure buletina jasotzeko