Tuterako eta Ribaforadako Geroa Baik beste 15 erakunde eta alderdirekin batera Eder Partzuergoaren kudeaketa okerra eta gardentasun falta salatu dute
Tuterako Geroa Baik eta Ribaforadako Geroa Baik, Erriberako beste 15 erakunde, alderdi eta elkarterekin batera, Eder Partzuergoaren kudeaketa ezin okerragoa eta gardentasun falta salatu dute. Prentsaurrekoan Anika Lujánek eta Juan Carlos Goyenechek parte hartu dute Geroa Bairen aldetik.
Azaldu dutenez, “gardentasun falta erabatekoa izan da legegintzaldia hasi zenetik”. Era berean azaldu dute Eder Partzuergoak zuzendaritza batzordearen aktak partzuergoko kideei bidaltzea ukatu diela, eskakizun ugari egin arren.
Alejandro Toquero eta Navarra Sumak burututako politika okerra salatu dute erakundeek, ez baitira Eskualde osoarentzako proiektu bat diseinatzeko gai izan. “Toquero Eder Partzuergoko lehendakaritzara iritsi zenetik, erakundeak bere aurreko dinamismoa eta bultzada gelditurik ikusi du”.
Bestalde, aurrekontuaren itxieran egondako defizita aipatu dute ere. 2019an gastu araua ez betetzea Toquerok oso larritzat jo ondoren, 2020an hura hobetzetik urrun, larritu egin dela salatu dute, 2020ko aurrekontu jardunaldia ia 20.000 euroko defizitarekin itxiz. “Zein neurri hartuko ditu Partzuergoko lehendakariak?” galdegin dute. “Lehen haren aburuz egoera oso larria bazen, orain ere izaten jarraituko duela ulertzen dugu, edo koherentzia politikoagatik bakarrik izan beharko luke gutxienez”, ziurtatu dute.
Prentsaurrekoan zuzendaritza batzordeko lehendakariaren ordainsarien areagotzea kritikatu dute ere. “Ez zaigu zuzena iruditzen, ez eta justifikatua, zuzendaritza batzordeko lehendakariaren ordainsariak areagotzeko akordioa, asteko 8 orduko lanagatik hilean 690 € gordin jasotzetik, alkate askok jasotzen ez duten soldata bat jasotzera pasako baita, izan ere, proportzionalki, 40 orduko jardunaldia izango balitz, urteko 40.000 € inguru jasoko lituzke”, azpimarratu dute.
Halaber, toki erakundeen kuoten gorakadarekin haien desadostasuna agertu dute, gorakada izan baitzuten jada iaz. “2021 urte honetan gorakada izan dute eta 2022an berriro ere goratzeko asmoa dago. Gorakada honek justifikaziorik ez duela uste dugu, ia 1.000.000 euroko diru-kutxa soberakina baitago eta, bereziki, ez dugu uste une egokia denik, udal diru-kutxak Covid-aren ondorioz hartutako neurriekin asko sufritu baitute”, ziurtatu dute.
Eder Partzuergoko proiektuak Europako funtsetara aurkezteko kudeaketa ere ez dela egokia izan iritzi dute. “Ez zitzaien ez Zuzendaritza batzordeari ez eta Kontseiluari jakinarazi. Behin aurkeztu ondoren eta prentsan argitaratu ondoren azaldu ziren bakarrik, Partzuergoaren beraren baitan erabateko gardentasun eta partaidetza falta agertuz”, kritikatu dute.
Azkenik, erakundearen etorkizun juridikoaren gaineko kezka agertu dute. “Gai hau modu irekian landu behar dela uste dugu, lan mahai zabal batekin, legegintzaldi honen gainetik dagoen etorkizuneko erabaki bat baita”, amaitu dute esanez.