Tuterako Kontserbatorioaren finantzaketa hitzarmenak bere etorkizuna bermatzen duela baloratu du Geroa Baik
Geroa Baik oso modu positiboan baloratu du Tuterako Fernando Remacha Kontserbatorioaren finantzaketa hitzarmenaren sinatzea eta iritzi du hitzarmen horrek “erakunde honen etorkizuna bermatzen duela, garrantzi handikoa baita Erriberako bizilagunentzat”. “Gobernu honek eta hau sostengatzen dugun lau indarrek Erriberako jendeari kalitatezko musika ikasketak bermatzeko konpromisoaren froga bat da gainera”, azpimarratu du Isabel Aranburu Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak.
Aranbururen iritziz kontserbatorioaren finantzaketa 2020ra arte bermatzen duen hitzarmen hau, UPNren gobernuak egindako utzikeria eta murrizketa urteen ondoren iritsi da, eta foru Exekutiboak ikertzen eta negoziatzen hilabeteak eman ondoren erakunde honi finantzaketa zuzen eta egoki bat eskaintzeko Tutera eta Erriberako ikasleen beharrizanak estaltzeko.
Horrela, gogorarazi duenez 2016an Nafarroako Gobernuak 194.387 eurotatik 270.235 eurotara igo zuen Fernando Remacha Kontserbatorioari emandako diru laguntza, erakunde honen aldeko bere apustua argi utziz. Zentzu honetan, Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak deitoratu du hilabete hauetan gai honi buruzko zalantzak barreiatzen ibili direla batzuk, “bitartean Nafarroako Gobernuak argi utzi zuelarik lehen momentutik kontserbatorio hau %100 finantzatzeko asmo tinkoa zuela”.
“Hilabete ugaritan zehar, frogarik gabeko adierazpen arduragabeak ikusi ditugu UPN, PSN eta PPren aldetik, Foru Exekutiboaren asmoen gainean zalantzak jartzen saiatu baitira. Horren aurrean, Hezkuntza Departamentuak eta Tuterako Udalak egindako lana azpimarratu beharra dago, analisi eta zorroztasun bidez garatua izan baita, eta Tuterako eta Erriberako hiritarrentzako positiboa den hitzarmen baten sinatzearekin gauzatu da”, amaitu du Geroa Baiko bozeramaileak.