Itzuli

Txandaka aparkatzeko eremu gorriko 200 toki merkataritza-ordutegian, bizilagunek aparkatzeko 126 toki eta villavesa doan Trinitarioseko aparkalekuaren eta erdialdearen artean; horra Atsegin egiteko Planaren hobekuntzak

Udalak berriz irekiko du aurrez aurreko arreta bulegoa eta app bat abiatuko du (Telpark-en modukoa) tramiteak azkarrago eta modu errazagoan egiteko

Itziar Gómez Itziar Gómez

Txandaka aparkatzeko eremu gorriko 200 toki, merkataritza-ordutegian, bi Zabalguneetan (horietako 108 berriak); Alde Zaharreko eta 1. Zabalguneko bizilagunendako 126 aparkatze-toki (Runan eta Antoniutti ondoan); Trinitarioseko disuasio-aparkalekua eta erdigunea lotzeko doako villavesa-bidaia; Telpark-en moduko app bat Alde Zaharrera unean-unean sartzea azkarrago kudeatzeko; eta aurrez aurreko arreta bulegoa berrirekitzea, oraingoan Udaltzaingoaren egoitzan. Horiek dira Iruñeko Udalak astelehenetik aurrera (martxoak 5) eta apirilaren amaiera bitarte abiatuko dituen neurri batzuk Erdialdea Atsegin egiteko Plana hobetze aldera. Proposamen horiek biltzen ditu hobekuntzako 10 neurri eta 3 neurri osagarri barne hartzen dituen sortak. Udaleko zerbitzu teknikoek diseinatu dituzte neurriak, aintzat hartuta 6 hilabetean zehar herritarrekin, interes taldeekin eta arloko adituekin planaren gainean egindako ebaluazio-lanak.

Iruñeko alkate Joseba Asironek, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok gaur goizean aurkeztu dute mugikortasun jasangarriaren kontzeptu berriaren aldeko apustua berresten duen neurri-sorta, betiere “ahalik eta adostasun-maila handienarekin eta Alde Zaharra arian arian prozesu partizipatiboaren muinean piztu zen elkarlan-espiritua berreskuratuta”.

Hobekuntzako 10 neurrien helburuak dira, funtsean, Alde Zaharrera sartzeko baimenak eskatzeko tramiteak azkartu eta sinplifikatzea, erdialdera sartzea posible izaten jarraitzea erraztea eta zenbait ibilbide berrikustea. Hiru neurri osagarriek planari buruzko informazioa eta komunikazioa dute ardatz: plana ikusaraztea, ibilbideen inguruko seinaleen bitartez, hiriko sarbideetatik erdialderaino; hainbat sektorerekin koordinazioa erraztea, adibidez merkatariekin; eta aparkalekuen gaia koordinatzea; hori guztia sinergiak erraztuko dituzten adostasun-aukerak ikertzeko.

 

Eremu gorria merkataritza-ordutegian, eta bizilagunek aparkatzeko toki berriak.

Iruñeko Udalak eremu gorriko 200 toki gaituko ditu, 1. eta 2. Zabalguneetan, herritarrek txandaka aparkatu dezaten merkataritza-ordutegiaren barruan. Toki horiek Lizarra, Paulino Caballero, Arrieta, Navas de Tolosa eta Nafarroako Gorteen kalean egongo dira, edo, orain bezala, Gurutzeko plazan, Zabalguneko Merkatuan eta Sandoval kalean. Eremu gorrian ordu batez aparkatzen ahalko da gehienez ere, 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, astelehenetik larunbat eguerdira, eta ordutegi horretatik kanpo eremu berdeko aparkatze-tokiak izango dira, hots, tokiak non eta sektore horretan bizi diren bizilagunek soilik aparkatzekoak. Aurreikuspenen arabera, toki horiek erabiltzeko moduan egongo dira datorren apirilaren 2tik aurrera, behar diren erosketa, programazio, kokapen-lan eta erregularizazioak egin ostean, eta eremu gorrietan tiketak ateratzeko makinak paratu eta abian jartzen direnean.

Bestalde, neurriak ere barne hartzen du bizilagunek soilik erabiltzeko eremu berdeko 126 toki sortzea, Runako parkean (64) eta Antoniutti inguruan (62). Lehenengo kasuan, zeharka aparkatzeko tokiak izango dira, eta egun Runaren parkean dauden aparkatze-tokien parean kokatuko dira, egun irteerarik ez duen bidegorri baten tokia hartuta; bidegorri hori Argaren lubetaren ondotik igarotzen den barne-bidera aldatuko da. Bigarren kasuan, eremu berde bihurtuko dira Ziudadelako ahateen urmaelaren ondoan dauden aparkatze-tokiak. Aurreikusitakoaren arabera, toki horiek eremu berdekoak izango dira datorren astetik aurrera, behin margotze-lanak egin eta gero.

Astelehenetik aurrera beste hobekuntza-neurri bat abiatuko da: geratzeko eremuak gaituko dira, ibilgailuak aldi baterako geratu daitezen, bidaiariak uzteko hiriko erdialdetik gertu. Lau geraleku ezarri dira, puntu kardinal bakoitzean bana: iparraldean, Hezkuntzako Departamentuko aparkalekua; mendebaldean, Aduanako zokoa; hegoaldean, Sarasate pasealekua, Postetxearen parean; eta ekialdean, Labrit pilotalekuko ingurua.

 

Erdialdera lotura, doan, Trinitarioseko aparkalekutik, eta aldaketa Kale Nagusian.

Trinitarioseko aparkaleku intermodala (180 toki, kopurua handitu daitekeelarik) irailean sortu zen erdialdera joateko auto pribatua erabiltzea galarazi nahi zuen azpiegitura gisa. Horren erabilera gehiago bultzatzeko, astelehenetik aurrera villavesa-geralekuak hurbilduko dira (Gipuzkoako etorbidetik Biurdana kalera), eta apirilaren 23tik aurrera, ibilgailua aparkaleku horretan uzten dutenek villavesa doan hartzen ahalko dute erdialdera joateko.

Apirilaren 23rako Udalak hizarmen bat sinatuko du Iruñerriko Mankomunitatearekin, eta aparkalekuan paratuko dira hesi bat, matrikula-irakurgailu bat eta bi tiket-makina. Erabiltzaileek matrikula sartu beharko dute tiketa eskuratzeko; tiket horrek bi zati izango ditu, eta villavesetako 16.,17., 21. edo 3. lineetan bidaiatzeko tiketengatik trukatzen ahalko dituzte (hala erdialdera igotzeko nola jaisteko). Tiketak 24 orduren barruan erabili beharko dira. Neurri hau urte baterako planteatu da, eta 50.000 euroko aurrekontua du, gehienez ere.

Alde Zaharra arian-arian prozesuko jarraipen-taldearekin izandako harremanen ondorioz, beste hobekuntza-neurrietako bat izango da Kale Nagusiko zirkulazio aldatzea. Martxoaren 9tik aitzina, ostegunarekin, Kale Nagusiko bizilagunak soilik sartu ahalko dira, eta zamalanetako langileak. Jarraibide horiek seinaletika berrian adieraziko dira, neurriak ukitzen dituen pertsonek horren berri izan dezaten.

 

Arreta bulegoak tramiteak arindu eta sinplifikatzeko.

Kudeaketa eta tramiteak errazte aldera, Iruñeko Udalak berriz zabalduko du aurrez aurreko arreta-bulegoa, zeina irailean eta urrian irekita egon baitzen atsegin egiteko planarekin lotutako kontsulta, baimen eta bestelako kontuetarako. Oraingoan, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrean egongo da bulegoa (Iratxeko Monasterioaren kalea, 2), martxoaren 5etik aurrera emango du zerbitzua, astelehenarekin, eta abuztuaren 31ra bitarte, 08:30etik 14:30era. Hiru lagun egongo dira, eta horietako bat, jendaurreko arretan. Ez da beharrezkoa aurrez hitzordua eskatzea.

Halaber, Alde Zaharreko sarbide kontrolatuko eremuarekin (SKE) lotutako kudeaketa ororen inguruko informazioa emango da Kondestablearen jauregiko Herritarrendako Arreta Bulegoan (Kale Nagusia, 2). Kasu honetan, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, honako telefono hauetan: 010 – 948 420 100. Aurrez aurreko arreta bulego horretan martxoaren 5ean hasiko da.

 

Unean uneko sarbideak azkar kudeatzeko app-a.

Aurreikusita dago martxoaren 15ean abiatzea Tok – tok izeneko mugikorrendako aplikazioa. Horren xede nagusia da azkar kudeatzea Alde Zaharrera unean-unean egindako sarrerak, zeinak kamera bidezko sistema baten kontrolatzen baitira. Edozein sistema eragilerako egongo da erabilgarri, eta doakoa izango da. Horrela, erabiltzaileek Alde Zaharrera sartzeaz ohartarazteko prozesu osoa mugikorraren bidez egin ahalko dute. Aplikazioaren prezioa 6.000 euro + BEZ da.

Atsegin egiteko planarekin lotutako kudeaketetan teknologia berrien erabilera errazte aldera, Iruñeko Udalak berariazko webgune berri bat sortuko du informazio erabilgarri guztiarekin, modu ordenatu, eskuragarri eta errazagoan. Apirilaren 23an abiatuko da, eta 5.300 euroko kostua izango du. Era berean, bannerrak sortuko dira www.pamplona.es eta http://policia.pamplona.es webguneetan, Alde Zaharrera sartzeko baimena eskatzeko formularioak eskuratzeko.

Azkenik, hobekuntzako hamargarren neurria: erdialdera oinez joateko ibilbideen inguruan informatzeko sistema bat ezarriko da. Metro – minutu seinaleak dira, eta hiriko bide nagusietan kokatuko dira, ezagutzera emateko zenbat denbora behar den puntu bakoitzetik erdialdera oinez iristeko. Aurreikusita dago seinale horiek apirilaren 15erako egotea kalean.

 

Lan-mahaia merkatariekin eta aparkalekuetako enpresekin.

Hobekuntzako neurri horiekin batera, Iruñeko Udalak beste hiru neurri “osagarri” bultzatuko ditu. Horietako bat da lan-mahai bat eratzea honako hauen artean: Iruñeko Udala, merkatarien elkarteak, merkatari-elkarteetako kideak ez diren merkatariak eta erdialdetik hurbil dauden aparkalekuak kudeatzen dituzten enpresetako ordezkariak. Helburua izango da lankidetza-bideak topatzea erdialdeko saltokietan erosten duten bezeroek deskontuak izan ditzaten aparkalekuetan. Alde Zaharraren inguruan dauden lurrazpiko sei aparkalekuetan (Aduanako Zokoa, Gazteluko plaza, Zezen-plaza, Baluarte, Autobus-geltokia eta El Corte Inglés) txandaka aparkatzeko 2.586 toki daude. Aurreikuspenen arabera, mahaia bi aste barru jarriko da abian.

Horrez gain, atsegin egiteko planaren inguruko informazio-eskariari erantzuteko, Iruñeko Udalak kanpaina bat egingo du Respira – Arnastu lelopean. Hainbat argibide praktiko emango ditu erdialdera joan-etorriak egiteko moduen inguruan (oinez, bizikletaz, villavesaz eta autoz), eta zenbait baliabide erabiliko dira, hala nola iragarkiak irratian, bideoak, euskarri digitalak eta liburuxkak. Kanpaina diseinatzeko kostua 6.000 euro+ BEZ izango da.

 

Atsegin egiteko planaren kontrola eta jarraipena.

Atsegin egiteko planaren kontrola egiteko tresnetako bat Jarraipen Foroa izango da, berehala abiatuko dena, planaren inpaktua ebaluatzeko. Bertan parte hartuko dute: Iruñeko Udala, Alde Zaharra arian-arian, Zabalguneko auzo-elkartea eta Zabalguneko merkatarien elkartea. Hiru hilean behin bilduko da, 2 urtez, honako gai hauen inguruko txostenak aztertzeko: eskualdeko hiri-garraioaren erabilera, sarbide kontrolatuko eremuaren erabiltzaileak, Atsegin egiteko Bulegoan emandako arreta-kopurua, aparkalekuen erabilera, Alde Zaharrean zirkulatzen duten ibilgailuen inguruko datuak, txikizkako merkataritzako indizea eta JEZen hartutako altak.

Halaber, zenbait inkesta eta ikerketa egingo dira herritarren iritzia jakiteko eta planak Iruñeari dakarzkion hobekuntzak baloratzeko. Planaren bigarren eta hirugarren ebaluazioa 2018ko abenduan eta 2019ko apirilean egingo dira, eta bi inkesta horiek egiteko aurrekontua 15.000 eurokoa izango da. Gainera, Nafarroako Unibertsitateko Ingurumen Kalitateko Laborategi Integratuarekin elkarlanean, airearen kalitatea neurtzeko ikerketa bat egingo da –atsegin egiteko planaren harira–, Life – Respira metodologiatik abiatuta, airearen kalitatearen eta klima-aldaketaren inguruko adierazleak erabiliz. Ikerketaren aurrekontua 12.000 euro + BEZ da.

 

Iruñeko Udala, 2018ko martxoaren 2an 

 

Izena eman gure buletina jasotzeko