Txosten guztiak eduki arte eta zalantzetatik ziurtasunetara pasa arte Esako urtegiaren handitzea geldiaraztea eskatu du berriro Koldo Martínezek
Instalazioaren jabea den Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Zangozako Udalari edozein jazoeraren berri emateko faxa erabiltzen jarraitzen duela salatu du
Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak Esako urtegiaren handitze lanak berehala geldiarazi daitezen eskatu dio berriro ere Gobernu zentralari, urtegiaren eskuin magalaren egonkortasunari buruzko bermeak emango dituen txosten teknikoak burutu arte. Trantsizio Ekologikorako Ministerioak 2018an Bide Ingeniarien Elkargoari eskatu zion estudioaren entregan daraman atzerapena salatu du Geroa Baiko senatariak, hura aipatu baitzuen Teresa Ribero ministroak Kongresuan zera ziurtatu zuenean; “Ez dugu pauso bakar bat ere aurrera emango Elkargoak norabide horretan jarraitzea zeharo segurua dela esan arte”. Minutu gutxitara ministroak bere baieztapenak sare sozialetan zuzendu zituen. Koldo Martínezek ziurtatu duenez ere, Ebroko Konfederazio Hidrologikoak Zangozako Udalari edozein jazoeraren berri emateko faxa erabiltzen jarraitzen du.
Geroa Baiko senatariak Trantsizio Ekologikorako Batzordean egindako bere hizketaldian gogorarazi du lanen arduradun den Ministerioak jada 2018an ziurtatu zuela, Bide Ingeniarien Elkargoari egindako enkargua justifikatzeko, “Nafarroako Gobernuaren aginduz egindako txostenek Estatuko Administraritza Orokorrak obren proiektua idatzi zuenean burututako estudioen zorroztasun teknikoa zalantzan jartzen dutela” eta “egoera honek nahasmena eta alarma sortzen ari dituela urtegi inguruko udalerrietan, horregatik onartutako dokumentuen zorroztasun teknikoa egiaztatzea beharrezkoa da”.
Era berean gogorarazi duenez, hitzarmen hartan Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Nafarroako Gobernuaren txostenen ikerketarako egutegi bat zegoen, bi urte eta erdiko epea emanez (2018ko ekaina – 2020) Esako urtegiaren Handitze proiektuaren lanen segurtasunari buruzko estudioa burutzeko, konpromiso hori bete gabe gelditu delarik.
“2021 urtean gaude -azpimarratu du Geroa Baiko senatariak- eta ziurtasunik gabe jarraitzen dugu, proiektuaren zorroztasun teknikoa argitu eta egiaztatu gabe jarraitzen dugu eta azken hitz hauek ez dira nireak, Ministerioarenak dira eta argi eta garbi ageri dira Estatuko Aldizkari Ofizialean. Ziurgabetasun eta desfidantza egoeran jarraitzen dugu. Urtegi ondoko udalerrietan nahasmena eta alarma sortzen jarraitzen dugu. Eta hitz hauek ere ez dira nireak, Ministerioarenak dira eta AEOn daude”
Bere hizketaldian, ministroak Diputatuen Kongresuan esandako hitzak gogorarazi ditu Koldo Martínezek: “Ez dugu pauso bakar bat ere aurrera emango Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoak norabide horretan jarraitzea zeharo segurua dela esan arte”, ondoren txio bidez esandakoan atzera egiteko. “Non dago 2020an amaiturik egon behar zuen eta ez guk ez eta Zangozako udalak ezagutzen ez dugun txosten hori?” galdegin du Koldo Martínezek.
Nafarroako senatari autonomikoak ere, Zangozako Udalak Ingeotyc ingeniaritzari eskatutako kontraste estudioa baloratzeko Gobernuaren ezezkoa gogorarazi du, parlamentuko galdera bati jasotako erantzunaren arabera.
“Sentitzen dut esan behar izatea, baina ez dirudi oso arrazoizkoa gaur, mundu guztiak baterako gobernantzari buruz hitz egiten duenean, eta are gutxiago gobernu aurrerakoi batek, txosten bat ikertzeari uko egitea, beste gainerakoak bezain serioa den txosten bat, beste gainerakoak bezain serioa den erakunde batek egina, urtegiaren azpi azpian dagoen hiriko udalak eskatua. Txosten hori ez ikertzeko erabaki hori irain moduan har daiteke, eta sinetsi nazazu, Zangozako udalak horrela hartu duela, baina bereziki udal autonomiari mespretxu moduan. Eta nik pentsamendu hori elkarbanatzen dut”.
Fax bidezko jakinarazpenak
“Jaun andreok, Zangoza garaiz ebakuatzearen arduraduna bere alkatea da eta ez da onargarria ardura hori edukitzea horrelako garrantzia duen erabaki bat hartzeko daturik gabe. Alkateak gaur ez daki zein den urtegian alarma hotsa emateko arduraduna. Eta, sinesgaitza dirudien arren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak udalarekin gaur egun komunikatzeko erabiltzen duen bidea faxa da, jaun andreok, faxa. Egoera hauetan, zaila dirudi landutako ebakuazio plana ezartzea, nahiz eta inoiz martxan jarri behar ez izatea espero dugun”, salatu du Koldo Martínezek
“Arrazoi horiek guztiak direla medio, Zangozako udalarekin eta herritarrekin, nik ere diot: Esa Gelditu!” esanez amaitu du bere hizketaldia Geroa Baiko senatariak.
Koldo Martínez