Uharteko Geroa Baik Areacea-ren likidazioaren alde egin du bai eta SPA-Sport-en kudeaketa bere egiteko herri galdeketa egitearen alde ere
Uharteko Geroa Baik Areacea hirigintza sozietatearen likidazioaren alde egin du, herritarrekin 2015ean hartutako konpromisoa baita eta orain arte hori betetzeko baldintzak egon ez diren arren, tinko jarraitzen duen konpromisoa delako (prozesu judizial ugariren amaiera eta sozietatearen azpiegitura garrantzitsuenen bideragarritasunaren estudioa, hala nola Spa-Sport eta Izotz Jauregia).
“2017an aurretik aipatu diren azpiegiturak sozializatzeko azken saiakera egiteko erabakia AHO BATEZ hartu zen Udalbatzan, defizitarioak diren jarduera batzuen erabilgarritasun publikoa justifikatzeko helburuarekin. Plan horrek, ildo nagusietan, prezio herrikoiak eskaintzean zetzan eta Kirol Zerbitzuak landu zuen”, azaldu du Geroa Bairen udal taldeak.
“Urtebeteren ondoren eta Nafarroako Gobernuko Toki Administraritzatik jasotako txosten baten bitartez, badakigu Udalak erabakitzen badu, Areacearen jarduera bere egin dezakeela hura desegin ondoren. Erabaki politiko baten aurrean gaude hortaz, balantzan eragin ekonomikoa eta erabilgarritasun soziala jarri behar ditugularik”, gaineratu du Uharteko Geroa Baik.
Koalizioaren udal taldearen aburuz, azpiegitura hauek sozializatzeko saiakera “zeharo arrakastatsua izan da, eta Udalbatza osoak orain urtebete jarri zituen helburuak bete dira”. “Defizita murriztea lortu da, landutako estudio ekonomikoetan Izotz Jauregiaren bideragarritasuna adieraziz, bai eta SPA SPORTen gastuaren murrizketa ere. 2.000 pertsona baino gehiagok, gehienak Uharteko bizilagunak, bi instalazioak erabili dituzte, horrekin onura soziala sendotuz eta 37 lanpostuak babestuz”, azaldu du.
Zentzu honetan, Uharteko Geroa Baik ziurtatu duenez “orain egoera askoz ere egonkorragoa da orain urtebete baino, eta, zalantzarik gabe, 2014an kudeaketa hartu zenean baino asko ere hobea, bi azpiegiturak ordain ekonomiko handia eginez berreskuratu behar izan baitziren orduan. Hau guztia, Udalean 10 milioi baino gehiagoko zor itogarriaren testuinguruan izan zen gainera”.
Uharteko Geroa Baik gogorarazi duenez, zor hori “gaur egun milioi bat euro ingurukoa da eta finkatzen hasia den azpiegitura bat dugu, eragin soziala edukitzen hasi diren instalazio batzuk eta, adibidez, ‘De la pastilla a la zapatilla’ saritutako proiektuaren bitartez gure zaharrek gozatu dezakete, horren jardueren zati bat Spa-Sporten garatuz”.
“Ekintzen helburua argia zen: 8 miloi euro baino gehiago balio zituzten instalazioak salbatu, horiek itxiz gero inbertsio guzti hori zaborrontzira botatzea izango bailitzateke. Agerikoa da horiek ixteko erabakia hartzeko, orain ez ditugun baldintza jakin batzuk eduki beharko genituzkeela. 2014an itxi ez bazen egoera askoz ere okerragoa izanik, zentzu gutxiagorik du orain egitea zulotik burua ateratzen ari garen une honetan”, azpimarratu du udal taldeak.
Horregatik guztiagatik, Uharteko Geroa Baik ziurtatu du “ulergaitza dela Udalbatza osoak hirigintza sozietatea horrela ulertzea eta azken asteetan Cambiando Uharte-Uharte Aldatuz eta PPko kideek aurkako zentzuan adierazpenak egin izana, manipulazioa besterik ez dutela bilatzen irudituz”. “Are harrigarriagoa da PPk Cambiando Uharte-Uharte Aldatuz-eko zinegotziare diskurtsoa bere egin izana, eta gainera kontutan izanik PPko zinegotzia udaleko eguneroko jardueratik zeharo desagerturik egon dela azken bi urteetan. Zinegotzi horrek bere eginkizunen utzikeria garbia egin ondoren lezioak eman nahi izatea da zinismoa”, gaineratu du.
Cambiando Uharte-Uharte Aldatuz-en adierazpenak direla eta, Uharteko Geroa Baik esan du “arduragabeak” direla, “bereziki kontutan hartzen badugu orain gutxi arte gobernu taldeko kide zen pertsona batetik datozela eta orain arte hartutako erabaki guztien ardura elkar banatua izan duela, nahiz eta orain Nafarroan aldaketa defendatzen dugun alderdiak erasotu, horretarako egia erdiak, salaketa larriak eta manipulazio baldarrak erabiliz”.
“Herritarrek gai garrantzitsuetan galdeketa bidez partaidetza zuzena izan behar dutela uste dugu. Azpiegitura hauen kudeaketa geure egitearen gaia oso garrantzitsua dela uste dugu eta horregatik, aurretik esandakoaren ildoan dauden ekimenak babestuko ditugu”, amaitu du.