Unai Hualde: “Nafarroako Kutxaren desagertzeari buruz inoiz egon ez den dokumentazio kopurua dugu orain”
El Presidente de la Comisión parlamentaria sobre la desaparición de Caja Navarra ha anunciado el calendario de comparecencias
Nafarroako Kutxaren desagertzeari buruzko ikerketa batzordeak datorren apirilaren 13 hasiko du agerraldi fasea. 19 agerraldi aurreikusi dira bederatzi saiotan zehar, horiek guztiak ostiraletan eta komunikabideei irekiak, ondorio fasea ekainaren 30ean izateko helburuarekin.
Horrela eman du aditzera gaur asteazkenez, ikerketa batzordeko mahaiburu den Unai Hualdek, batzordeko mahaiak proposaturiko agerraldi plana parlamentuko zazpi taldeek aho batez onartu duten bilera egin ondoren.
Deklaratzera deituak izan diren pertsonen artean Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak, Miguel Sanz eta Yolanda Barcina, Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi ohia, Enrique Goñi, edota banketxeko Administraritza Kontseiluko presidente ohia, José Antonio Asiáin daude.
Unai Hualdek nabarmendu duenez, deituak izan diren pertsonek ikerketa batzordean “agertzeko betebeharra dute”. “Bestelakoa da deklaratzeko betebeharra ikertuak diren heinean prozedura penaletan sarturik dauden pertsonen kasua”, zehaztu du.
“Batzordearen erritmoa parlamentuko taldeek beraiek ezarri dute bai eta eskatu den dokumentazioaren beharrak ere”, azaldu du. “Batzorde hau 2016an abiatu zenean, aurreko legegintzaldiko ikerketa batzordeak lortu ez zuen beharrezko informazioa lortzeko denbora arazo ez zedin izan zen helburuetako bat”, azpimarratu du.
Zentzu honetan, Hualdek ziurtatu du “ahalik eta informazio gehien lortzeko eginahal guztiak egin direla eta bide juridiko guztiak ikertu direla”. Hau dela eta nabarmendu du “Nafarroako Kutxaren desagertzean inoiz existitu ez den dokumentazio kopuru bat egon dela”, aurreko batzordetik zetorrena, Kontuen Ganberako txosten juridikoak, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta CaixaBanken txostenak, Nafarroako Kutxarekin Banca Cívican fusionatu ziren kutxetako gobernuen txostenak eta organo judizialenak.