Unai Hualdek berretsi du egiturazko desberdintasunak desagerrarazteko politika publikoak egitea dela legegintzaldiko apustu nagusietako bat
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak hasiera eman dio gaur arratsaldean Politika publikoek pobrezia eta gizarte bazterkeria murrizteko duten garrantziari buruzko jardunaldiari, “hausnarketarako” eta “jendearen bizitza hobetzeko” proposamenak jasotako foro irekiari. Adierazi duenez, Nafarroan "desberdinkeria-maila beste lurralde batzuetan baino txikiagoa" bada ere, zantzuek "erne egotera" behartzen gaituzte.
Hala mintzatu da Unai Hualde gizarte-babesaren eta garapenerako lankidetzaren arloko kudeatzaile, erakunde eta ordezkari publikoez osatutako foroaren aurrean. Zaurgarritasunarekin lotuta dagoen arloa da, eta horregatik nahitaezkoa da Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunean hartutako konpromisoekin bat eginez aurrerapausoak ematea.
Horren harira, lehendakariak azken Osoko Bilkuran onartutako ebazpena gogorarazi du, "Voxen aurkako boto bakarrarekin", Ganberaren inplikazioa berresteko eta legegintzaldi honen "apustua" azpimarratzeko. Izan ere, legealdi honetan, Gobernuak eta Legebiltzarrak NUPek diseinatutako ebaluazio-tresna bat izango dute, 2021ean eguneratutako eta 10 urteko indarraldia duen Itunaren betetze-maila neurtzeko.
Horri dagokionez, Hualdek Nafarroako Gobernuarekin eta NUPekin eginen den bilera bat iragarri du, "Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Ituna betetzen dela ziurtatzeko eta aurrera egiten jarraitzeko. Gizarte hobea eraikitzeko lan egiteko ardura dugu. Ez dago ezer atsegingarriagorik kargu publiko batentzat bizilagunen bizitza hobetzea baino. Egia da ez dela beti asmatzen edo ez dela asmatzen gustatuko litzaizukeen beste, baina desberdinkeriaren aurkako borroka bete-betean gaude, izan ere, erakunde guztiak batzen gaituen zerbait da", berretsi du.
Amaiera gisa, eta 2030 Agendaren GJHei lotutako erronka global berriak gogorarazi ondoren, presidenteak honako gai hauei buruz ohartarazi du: "Europako egoera, ultraeskuinaren gorakada, gorroto-mezuen ugaritzea, Ukrainako gerra, Palestinako sarraskia eta immigrazioa Mediterraneoan. Gai horiek kezkatzen gaituzte, eta gogorarazten digute politika askotan ez dagoela behar lukeen tokian”.
Unai Hualde