Uxue Barkos: Nafarroako osasungintzako ordainsari eta baldintzen inguruko eztabaidari modu globalean eta osasungintzako kolektibo guztiekin batera heldu behar zaio
Nafarroako Gobernuaren eta Mediku Sindikatuaren arteko negoziazioa aipatu du Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan. Gai honi modu globalean heltzearen alde egin du Barkosek. “Beste gai batzuk ere ukitzen dituen negoziazio baten markoan gaude, esklusibotasunaren gaiaz gain beste batzuk ere hartuz, hala nola ordainsariak eta beste baldintzak..., modu espezifikoan gainera, medikuen kolektiboaren beharrei erantzuna emateko, baina modu global eta uniformean egin beharra dago, osasungintza esparruko beste kolektiboekiko begirunez, bestela, beharrezkoak ez diren tentsio ezkorrak sortuko baititugu”. Bere iritziz, “neurri hauek Gobernuaren oniritzia eduki beharko dute, bereziki Ogasun eta Funtzio Publikoko departamentuena”.
Mañeruko udalerria Nafarroako eremu mistoan sartzeko Euskararen Foru Legea aldatzeko proposamenari buruz Uxue Barkosek azpimarratu duenez, Mañeruko Udalak aho batez eskatu du eremu mistora pasatzea eta legeak berak eskatzen dituen baldintzak bete ditu, hortaz, eta adierazi duenez, ez litzaioke gustatuko pentsatzea “Parlamentu hau Udalaren eskaeraren aurrean frontoi bat izatea”.
Araudia aldatzeko lege proposamenari dagokionez Geroa Baiko eledunak nabarmendu duenez, “erreforma hau legegintzaldi honetako konpromisoa zen eta ahalik eta babes handienarekin onartzea nahiko genuke”, esan du, aldi berean azpimarratuz “gardentasun maila handiagoa” emango diola Parlamentuari, bai eta “parlamentuko tramiteetan herri partaidetza maila handiagoa ere”, eta Parlamentuarenak berarenak diren ekintza esparruetan genero “berdintasunaren alde egiten duela” azpimarratu du ere Geroa Baiko bozeramaileak.
Uxue Barkos