Uxue Barkosek Nafarroak bere pentsio publikoak kudeatzeko eskumena eskatu du
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak, bere pentsio publikoak kudeatzeko eskumena eskatu du Foru Komunitatearentzat.
“Estatutik esaten ari digute pentsionistek ez dutela euren pentsioa egokitzeko aukerarik, KPIra ere ez, gehiago emateko gaitasuna duten errentetan zerga beherakadak iragartzen dituzten bitartean; duintasun eza iruditzen zait”, kritikatu du Barkosek.
“Hau baldin bada Gobernu zentralak erabiliko duen lanerako modua, Nafarroak bere pentsioak kudeatu nahi ditu”, azpimarratu du lehendakariak Geroa Bairen Kontseilu Nagusian egindako hitzaldian, larunbat honetan Iruñeko Civivox Condestablen.
Uxue Barkosek azpimarratu duenez “erronka larriak ditugu mahai gainean”, horien artean pentsioak, eta gogorarazi du Nafarroan “lege bat onartu genuela horiek osatzeko moduetako bati garrantzia emanez, kasu askotan oso pentsio urriak baitira”. Horrela, nabarmendu du pasa den legegintzaldietan 10.000 pentsio osatzen zirela, egungo foru Exekutiboak ordea 22.000 osatzen dituelarik. Halaber, nabarmendu du helburu horretarako 23 milioi erabiltzen direla, aurreko gobernuek erabiltzen zituzten 3 milioien aurrean, bataz beste hilabeteko 65 euro emanez. “Ez dira nahiko genituzkeen zifrak baina ekarpen garrantzitsua da”, azpimarratu du.
Barkosek ziurtatu du egungoa “aldaketa sakoneko legegintzaldia izan dela Nafarroan, denon eta denontzako gizartearen eraikuntzan oinarritua”, eta “bere etorkizunari tinkoago eta solidarioago begiratzen dion Nafarroa batekin lan egiten jarraitzeko” bere borondatea agertu du.
“Gure etsaien esperantza nagusiak zen laukoa lan egiteko eta akordioetara iristeko gai ez izatea”, nabarmendu du, gaineratuz “hori dela Gobernu hau porrot egiten ikusi nahi zutenen porrotetako bat”.
Nafarroako lehendakariak ziurtatu duenez gainera egungo Exekutiboak “UPN kudeatzaile ona” zenaren mitoa apurtu du. Horren inguruan gogorarazi du 2015ean Nafarroako Gobernura iristean “beldur handia izan genuela kutxan zegoen dirua ikusi genuenean, pare bat soldata ordaintzeko besterik ez baitzegoen”. “Ez dira hiru urte bete eta kutxa pixka bat egongorrago dago, edozein moduz UPNk utzitako bidetik jarraitu izan bagenu baino askoz hobe”, esan du.
Uxue Barkosek bere Gobernuaren zerga erreformak defendatu ditu eta aitortu du “inoiz ez dela erraza gizartearen esfortzu bateratua eskatzea”, bereziki “esfortzu handiena egin behar duten errentak beldurtzen ari direnean”. “Justizia berbanatzailea burutzeko gaitasuna behar zuen Nafarroak”, ziurtatu du Barkosek, nabarmenduz “soldata jaisten lehena Gobernua bera izan zela”.
Ildo honetan, nabarmendu du Estatuarekin berritutako Hitzarmen Ekonomikoarekin “foru diru-kutxa sendotu” dela, “Nafarroako herritarren interesen alde doituz”. “Horren harira Barkosek kritikatu du UPNrekin “Nafarroa lotsati ibiltzen zela” eta “Nafarroako herritarren interesen defentsan ahotsa altxatzera ez zela ausartzen”.
Lehendakariak “historikotzat” jo du egungo Nafarroako Gobernuak burututako negoziazioa, “Nafarroak Estatuarekin dituen betebeharrak planteatzeko modu berri batekin, analisi zientifikotik alegia, ez negoziaketa baten baitan planteatutako zifra bat”.
“OPOSIZIOAK BANDERAK BEHAR DITU BERE LOTSAK ESTALTZEKO”
Uxue Barkos oposizioa erasotu du eta ziurtatu du “banderak behar dituztela haien lotsak estaltzeko eta ez dute lortuko oso argi baitugu gure bandera gizarte osoarentzako ongizatea lortzeko nahia dela, hau da, pentsioak, hitzarmena eta Europarekin harremanak”.
Lehendakariak aldarrikatu duenez “lotsagarria da Parlamentuko bozeramaile batzuek erakusten duten Nafarroaren historiaren gaineko ezagutza eza eta mespretxu maila” eta “sumindu” egiten du “euskara azkona moduan erabiltzeak, nafarrok elkarren aurka jartzeko tresna moduan”.
Ildo honi jarraituz, Hezkuntza Departamentutik egindako lana eskertu du, “Parlamentuan entzun daitezkeen erasorik ziniko eta gezurtienak jasanez”, eta “ezjakintasunetik eta euskarafobiatik” eginak gainera.
“BIKTIMAK GIZARTE OSOAREN ONDARE DIRA”
Uxue Barkosek nabarmendu du halaber Nafarroako Gobernuak biktimen memoriaren alde egiten ari duen lana. Alde batetik bere poza agertu du Nafarroako Gobernua “buru egon delako” atzo ostiralean egindako “sinaduran”, bertan 13 komunitate autonomok gerra zibilaren eta frankismoaren memoriaren aldeko manifestu bat izenpetu baitzuten.
Bestalde ziurtatu du “historikoa dela nire bihotzean” pasa den astean Foru Exekutiboak ETAren biktimei egindako omenaldia. “Biktimak Nafarroako gizarte osoaren ondare dira”, eta Nafarroak “bere memoria defendatu nahi du, horrela bakarrik gaindituko baititugu iraganeko laztasunak”.
Uxue Barkos