Itzuli

Zabalzaren heriotzaren gaineko egia ezkutatzearen erantzukizuna egotzi dio Koldo Martínezek Gonzálezen exekutiboari

Nafarroako herritarrek bertsio ofiziala sinesten ez dutela gogorarazi du Senatuan eta kasua berriro irekitzea eskatu du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, Zabalzaren heriotzaren inguruabarrak argitzeko helburuarekin Nafarroako Parlamentuan aurkeztu eta aho batez onartu zen mozio bat eraman du Senatura.

    Gómez Nieto Intxaurrondoko Guardia Zibileko ofizialaren eta Juan Alberto Perote zerbitzu sekretuetako koronelaren arteko elkarrizketaren transkripzio osoa irakurriz hasi du Martínezek bere hizketaldia, bertan aitortzen dutelarik  Orbaizetako gaztea Donostiako kuartelean torturaturik hil zela.

    “Jaun andreok, mozio honen alde bozkatzen ez duenak, Mikelen ama haren bila galdezka Komandantziara joan zenean aurrean zuen Guardia Zibilak erantzundako hitzak bere egiten ditu, hala erantzun baitzion; ‘Ba zuk ez badakizu zure semea non dagoen, bila ezazu galdutako objektuetan!’. 1985eko azaroa zen, zazpi urte lehenago onartu zen Konstituzioa”, nabarmendu nahi izan du Koldo Martínezek.

    Geroa Baiko senatariak oso hitz kritikoak agertu ditu ere Zabalza kasuaren instrukzio epaileetako batekin. “Mozio honen alde bozkatzen ez dutenek Justizia demokratikoari bizkar emango diote, Perote eta Gómezen arteko elkarrizketaren edukia ezagutu ondoren 1995ean kasua berriro ireki zenean, elkarrizketa ukatu zuen epaileak egin zuen modu berean, entzungorrarena eginez eta galdutako objektuen tiraderan abandonatuz”.

    “Nafar eta euskal gizartearen zati handi batek ez dugu inoiz bertsio ofiziala sinetsi, Mikel Zabalza zaintzen zuten hiru Guardia Zibilei zulo bat erakustera zioala eskuburdinekin Bidasoara jauzi egin eta itota hil zela dioen bertsioa alegia. Mikelek ez zekien igeri egiten. Eta ustezko zuloa ez zen inoiz aurkitu”, gogorarazi du Koldo Martínezek.

    “Mozio honen alde bozkatzen ez duenak -berriro ere- demokrazia itotzen egongo da... plastikozko poltsa batekin”, nabarmendu du Geroa Baiko senatariak, aldi berean gogoraraziz Grande-Marlaska Barne ministroak kausa berriro irekitzeko exekutiboak duen gaitasuna ukatu egin duela.

    Izena eman gure buletina jasotzeko