Itzuli

Zigor-kodetik zenbait irain delitu erretiratzeari bere babesa agertu dio Koldo Martínezek, baina ez terrorismoaren gorazarrearena

“Terrorismoari zilegitasuna kentzea beharrezkoa da, frankismoa bezain askatasunaren aurkakoa baita”

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez senatari autonomikoak Zigor-kodea erreformatzeko lege proposamena eztabaidatzeari bere babesa agertu dio gaur goizean Senatuan, monarkiaren eta beste erakundeen aurkako adierazpenak egiten dituztenak zigortzeari uzteko helburuarekin, baina terrorismoaren gorazarrearen delitua kentzearen aurka dagoela iragarri du ere, aldaketa hau proposatu duen taldeak, Junts per Cat-ek alegia, hura deuseztatu nahi baitu.

    Goi Ganberan egindako bere hizketaldian, Koldo Martínez Geroa Baiko senatariak presoei egiten zaizkien ongietorriak kritikatu ditu eta azpimarratu duenez, “terrorismoari zilegitasuna kentzea beharrezkoa da, frankismoa edo beste diktadura totalitario mota bezain askatasunaren aurkako baita. Orain aurreratzen dut, ez dugu 578 artikulua bertan behera uztearen alde egingo. Eta  579 artikuluari proposatutako aldaketari zuzenketak aurkeztuko dizkiogu bere unean”.

    Hala ere, Martínezek bere onespena eman dio Zigor-kodearen beste artikuluak eztabaidatzeari, bere iritziz adierazpen eskubidea murrizten baitute. “Frankismoa bizi eta pairatu dugunok lehen pertsonan ezagutzen dugu askatasunaren balioa, askatasunena, giza eskubideena. Eta horietako bat adierazpen askatasuna da hain zuzen ere. Horregatik baiezkoa emango diogu proposamen hau aintzat hartzeari. Eta artikulu indargabetzaile ia guztiei ere gure aldeko botoa emango diegu”. “Terrorismoa bizi eta pairatu dugunok lehen pertsonan ezagutzen dugu askatasunaren balioa, askatasunena, giza eskubideena. Eta horietako bat adierazpen askatasuna da hain zuzen ere”, gaineratu du Koldo Martínezek.

    Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, “atzo hamar urte bete ziren biktima baten eta biktimario baten arteko topaketa aske eta boluntarioa egin zenetik. Lehena, nire lagun ona, oraindik atxilotu eta epaitu gabeko Comandos Autonomos Anticapitalistas taldeko pertsona batzuek 1980an eraildako pertsona baten semea. Bigarrena, ETAkide ohia, 22 urte zeraman preso eta antolakundea utzi zuen bere iraganaren autokritika egin ondoren eta bere errua eta erantzukizuna onartu zituen ere biktimaren familiari eragindako kalte konponezinaren bidegabekeriagatik. “Preso hau, beste batzuekin batera antolakunde terrorista utzi ondoren, birgizarteratzerako “Nanclares bidea” deiturikoaren parte izan zen eta ordura arte bere antolakunde kide izandakoek traidoretzat jo zituzten eta pertsona askoren mespretxua eta isolamendua pairatu zuten. Haien biktimarioekin elkartzeko erabakia hartu zuten biktimek, beste pertsona eta antolakundeen aldetik funtsik gabeko salaketak eta deskonfiantza sufritu zuten ere, PPren aldetik adibidez”, nabarmendu du Koldo Martínezek.

    Ongietorriei kritika

    “Urteurrenagatik eta gaur egun biktimak birbiktimizatzen dituzten ekitaldiak egiten jarraitzen direlako dakart gai hau, ezin baititugu ekitaldiok ontzat ez eta egokitzat jo. Terrorismoaren gorazarrea izan daitekeen orori buruz ari naiz. Presoek askatasuna lortzean pertsona batzuek ongietorria emateko ospatzen dituzten ekitaldiei buruz ari naiz”, kritikatu du Nafarroako senatari autonomikoak.

    Koldo Martínezek bere hizketaldia amaitzeko George Orwellen esan bat gogorarazi du, “Adierazpen askatasuna jendeak entzun nahi ez duena esatea da”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko