Itzuli

Zuzendarien eta langileen arteko soldata arrakala murrizteko beharra dela eta Geroa Bairekin bat etorri da Lan Ministroa

Erkidego mailako hitzarmenen nagusitasuna defendatu du Koldo Martínezek Yolanda Díazen aurrean

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak zuzendarien eta langileen soldaten arteko soldata-arrakala murrizteko beharra aldarrikatu du gaur Senatuan, Europar Batasuneko handiena baita, La Caixa Fundazioak berriki plazaratu duen txosten baten arabera. Yolanda Díaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroa, gai honen inguruan Geroa Baik egiten duen diagnostikoarekin bat etorri da, koalizioak gai hau berriki ere Nafarroako Parlamentuan jorratu duelarik.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez, enpresetako goi karguek bataz-beste 87.800 euro kobratzen dutela plazaratu zen pasa den astean, Espainiako bataz-besteko soldata 24.000 eurokoa delarik eta soldata ertaina -ohikoena- 18.000 euro baino pixka bat handiagoa.

    “Erkidegoen arteko ezberdintasunak daude, eta Nafarroan taularen goikaldean gaude. Horregatik Lan Erreformaren erreforman erkidegoetako Hitzarmenak defendatzen ditugu estatukoen aurrean”, azpimarratu du Koldo Martínezek gai honetan exekutiboko erantzule den ministroaren aurrean.

    Geroa Baiko senatariak datu ugari nabarmendu ditu gai honen inguruan. “Eskualdeen arteko ezberdintasunak daude, genero artekoak eta adin ezberdinetako pertsonen artean ere. Lanera sartzen diren gazteek jubilatzen direnek baino gutxiago kobratzen dute, eta enplegu prekarioetan egiten dute gainera. Eta, bai, enpleguak gora egin du, baina denborazkotasun maila handi baten kontura egin du. Bai, susperraldia gertatzen ari da, baina ez da parekidea. BPG eta zerga bilketak gora egin dute, denon artean gehiago irabazten dugu, baina jada goian zeudenek hobera egiten dutelako, klase ertain eta langileen etengabeko txirotzea gertatzen den bitartean, txalotu dugun gutxieneko soldataren igoera egon arren”. 

    Soldata urriak eta lan baldintza txarrak zituzten milioika estatubatuarrek enpleguak modu masiboan abandonatu ondoren Joe Bidenen hitzak gogorarazi ditu Koldo Martínezek: Ordain iezaiezue gehiago izan zen agintari estatubatuarraren erantzuna.

    “Gobernuaren aldetik horrelako adierazpen argiak faltan igartzen ditut, enpleguaren prekarizazioaren gainean ohartaraziz, hamarkadetan lehen aldiz lana duten pertsonak pobrezian egotea eragiten duten soldaten inguruan, eta bizi proiektu bat garatzeko aukerarik ez duen gazteriaren zati batekin”, salatu du Koldo Martínezek Yolanda Díazen aurrean.

    Plan bat beharrezkoa da

    Lan ministroaren aurrean egindako hizketaldian, Koldo Martínezek gogorarazi du azterlan ponentzia bat eskatu zuela Senatuan lansari desberdintasunen gaiari heltzeko. “Espainia desberdintasun sozial gehien duten herrialdeetara egunero gehiago hurbil dadin ekiditeko lansari eredu berriak analizatu eta proposatuko dituen Gobernuaren Plan bat faltan igartzen dut. Izan ere, ministro andrea, herrialde barruko desberdintasun soziala da Ongizate Estatua jasanezina egiteko faktorerik erabakigarriena”, nabarmendu du Koldo Martínezek.

    “Arrazoi duzu eta zurekin bat nator”

    Lan ministroak modu honetan erantzun dio Nafarroako senatari autonomikoari: “Arrazoi duzu eta zurekin bat nator. Noizbait esana dut Ibex-eko zuzendari batzuen lansariak zeharo lizunak direla. Eta Ibex-eko lansarien eta enpresa bereko langileen arteko ezberdintasuna 118 bider da”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko